lunes, 13 de abril de 2020

XABIER MONREAL (BABESTU): 
«GURE NAGUSIEK ZAINTZA GEHIAGO BEHAR DUTE»
NAIZ. Maider Jantzi / 2020-04-10

Xabier Monreal Babestu Bizkaia elkarteko kidea da. Zahar etxe batean du aita eta, zorionez, egunero egoten da berarekin bideokonferentziaz. Egoitzetako «egoera krudelaren» berri eman digu eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familien elkarteek sindikatu guztiekin batera egiten dituzten eskaerena ere bai.
MAIDER IANTZI|2020/04/10
Zahar_etxeak
Zahar etxeetako egoiliarrek familien kontaktu fisikoa falta dute. (Iñigo URIZ/FOKU)
«Batzuei egoera azaltzen diezu eta handik bost minutura ahazten zaie. Hori da egunerokotasuna eta oso latza da»
«Bideo-deiek ezin dute kontaktu fisikoa ordezkatu... baina eskerrak halako teknologiak ditugun»
Babestu Bizkaia elkarteko zuzendaritzako kide eta senide Xabier Monrealek kontatu digunez, zaharren egoitzetako egoera gogorra da. Normalean, bertan dauden pertsonek gaixotasun kronikoak eta arazo kognitibo larriak dituzte: diabetesa, alzheimerra, mendekotasunak. Askok ez dakite ezta zer krisi bizitzen ari garen ere. Bisita asko izan ohi dituzte, baina orain berotasun hori falta zaie. 
«Batzuei egoera azaltzen diezu eta handik bost minutura ahazten zaie. Hori da egunerokotasuna eta oso latza da. 'Baina zergatik ez zatoz?', galdetzen dizute, 'normalean astean behin edo birritan etortzen zinen. Zer gertatzen da? Ondo zaudete?'. Haiei ere kezka sortzen zaie. Gero berriz ahazten zaie. Baina zuri ere etortzen zaizu beldur, kezka edo tristura hori. Egoera hau ez da inorentzat erraza, eta ahulago dauden pertsonentzat zer esanik ez», adierazi du Monrealek.
Egoitzetako betiko arazoek hor dirautela ikusten dute familiek. «Langile gutxi daude eta euren kontaktua oso inportantea da, orain are gehiago. Beraz, gure aldarrikapena indartu egin da. Senideek giza kontaktu hori falta dute, guk ere bai, eta kezkaturik gaude. Gogorra da; asteak pasatzen ari dira, oraindik asteak pasatu beharko ditugu ikusi gabe, eta asko bizitzaren azken momentuetan daude. Ez dakigu itzulera noiz izango den eta zein protokolo egongo den».
Bizkaiko Aldundiak tabletak jarri ditu. «Bideo-deiek ezin dute kontaktu fisikoa ordezkatu, eta egoitza guztietan ez dituzte egunero edo maiz egiten. Baina eskerrak halako teknologiak ditugun, harremana errazten baitute», agertu du.
«Besteen kezkak zureak direla ikusteak laguntzen du»
Senideen artean ere bideo-deiak egiten dituzte eta ahal duten bezala eramaten dute egoera. «Nik egunero hitz egiten dut aitarekin, baina beste familia batzuek oso kasu latzak bizi dituzte. Horretarako daukagu Babestu elkartea, gure artean kontaktua izateko. Gure beldurrak ateratzen ditugu eta horrek laguntzen du, jakina. Besteen kezkak zureak direla ikusteak laguntzen du. Arreta sikologikorik ez daukagu eta eskertuko genuke», esan du Babestuko zuzendaritzako kideak.
«Gure nagusiek zaintza gehiago behar dutela ohartzen gara, birusa egoitzetan sartuz gero, hondamendia baita. Datuek erakusten dute. Hildakoen kopuru handi bat nagusiak dira, asko egoitzetan bizi direnak. Etsaia hor dagoela ikusten dugu, oso gertu. Hortaz, Aldundiek ezkutu bat jarri behar dute».
Arrisku eremu izan ordez, babes eremu
Egoitzak arrisku eremu izan ordez babes eremu izan daitezen, premiazkoa ikusten dute langile eta erabiltzaileei testak egitea, baita langileak babesteko beharrezko materialaz hornitzea ere, kanpotik baitatoz. «Badakigu egoitza batzuetan langile bakoitzak bi maskara dituela 15 egunerako. Ekipamendu gutxi dago».
«Zentro batzuetan agintariek baino lehen hartu zituzten neurri batzuk euren kabuz eta babes horrek emaitzak eman ditu, ez da birusa sartu. Agintariak, ordea, berandu ibili dira eta informazio oso eskasa eman dute, batez ere Bizkaian. Informazio falta horrek, ez jakiteak, kezka eta beldur handia eragin digu senideoi», adierazi du Monrealek.
«Informazio gehiago egon beharko litzateke, gure kasua oso berezia delako. Beti ari gara senideon artean galdezka: `Non daude kasuak?´». Ez dira zainduak sentitzen. «Langile bat gaixorik etxean dagoela entzuten dugu, zurrumurruak daude, eta horiek ez dira batere onak. Tristura eta kezka handia dugu».  
Dokumentu bat, sindikatu guztien babesarekin
Dokumentu bat kaleratu dute berriki Araba, Bizkai eta Gipuzkoako senideen elkarteek. Lehenbizikoz elkartu dira hirurak krisi honetan: Gipuzkoako Senideak, Babestu Bizkaia eta Babestu Araba. Sindikatu guztien eta hainbat eragile sozialen babesa dute. Agirian, neurriak eskatzen dizkiete aldundiei, eurena delako zahar etxeen eskumena.
Jada aipatutakoez gain, honakoak dira eskakizunak: «Zentro guztietan arreta soziosanitarioa areagotzea, medikuak, erizainak eta laguntzaileak kontratatuz; instalazioak desinfektatzea; langileei prestakuntza egokia ematea protokoloen jarraipenari buruz eta ikuskapen-kontrolak berehala aktibatzea; eta egoitzak medikalizatzea, lekualdatzeak eta batez ere egoiliarren konfinamendua behar bezala bideratzeko behar den arreta teknikoa izateko».
Erabiltzaile bakoitzaren gaitasun eta aukeren araberako bideokonferentzia bidezko komunikazioa erraztea ere galdegiten dute –«ez du ezertarako balio aparatu teknikoak eskuratzeak, gero ez badira erabiltzen eta gainbegiratzen»–; lan osasunaren arloko jarduera-protokoloak eguneratzea eta prebentzio-neurri eraginkorrak hartzea; eta protokolo batean ezartzea nola jokatu behar duten EAEko hirugarren adinekoen egoitza guztiek.
«Langileekin gaude»
Egoitza batzuetan langileek konfinamendua egoiliarrekin batera egitea erabaki dute, kutsatzeko arriskua gutxitzeko. Monrealek dio txapela kentzekoa dela, baina senideek ezin dietela halakorik eskatu. Testak egitea da berarentzat bidea. «Langileak ere babestu behar ditugu, badakigu baja asko egon direla. Oso baldintza gogorretan ari dira eta gu ez gara inor gehiago eskatzeko».
Dioenez, langileekin harreman ona izan dute betidanik. «Haiek eskatzen dutena eskatzen dugu guk ere. Ez gara inolaz ere euren abokatuak, baina haiek eskatzen dituzten neurriak onak dira gure nagusientzat eta guretzat ere. Haiekin gaude. Horregatik, sindikatu guztietako langileek sinatu dute gure dokumentua. Azkenean nortzuk daude egunero gure senideekin? Kontaktu fisikoa, gertukoa, langile horiek ematen diete. Gure senideentzat erreferentzia dira. Zortzietan leihora ateratzen garenean, batez ere gaixoekin edo ahul dagoen jendearekin dauden pertsona horiek txalotzen ditugu».
Langileak dira senideen informazio zuzena ematen dietenak ere. «Enpresek bezeroa pozik izan behar dutenez, errealitatea paradisua izango balitz bezala deskribatzen dutelako, ia-ia agintariek egiten duten bezala. Baina senideekin kontaktu zuzena duten langileek kontu asko kontatzen digute: garabiak eta pixoihalak falta direla, nola elikatzen diren… Ez direla ailegatzen ere konturatzen gara, ezta egoiliar bakoitzari bi orduko kontaktua bermatzera ere».
Krisi honetan gutxiago ikusten dute familiek, ez direlako sartzen. Eta ikuskarienganako «mesfidantza handia» dute.
Publikoaren defentsa
Bizitzen ari diren guztitik publikoa babestu behar dutela ondorioztatu dute. «Gure egoitzak gehienbat pribatuak dira, hitzarmenezkoek kudeaketa pribatua baitute. Eta pribatuak ez ditu babes neurriak bermatzen. Krisialdi honetan gure ideiak berretsi ditugu: sistemak publikoa izan behar du. Osasunak edo gure azken urteetako arretak ezin du negozio bat izan».
«Publikoak ere ez du bermatzen arreta ona, ondo kudeatu behar baita, baina behintzat gardenagoa eta demokratikoagoa izango da», erantsi du.
Alfonbraren azpian hauts asko zegoen, eta hori guztia garbitu behar da. Ikusiko dugu ea krisialdi honetatik ikasten dugun. «Agian ez gara konturatu zer garrantzi duen sistema publikoak, arazo bat badugu segurtasuna izango dugula bermatzen digunak, dirua izan ala ez. Sistema publikoak hobeto erantzuten du, halako krisialdi batean eta beti. Ez bakarrik ospitaleetan, giza eremuetan ere bai: egoitzetan, eguneko zentroetan, etxeko laguntzan…».
Gobernuetan «autokonplazentzia handia» ikusten dute Babestu elkarteko familiek. «Bizkaiko ahaldun nagusiak prentsaurrekoan esan zuen astelehenean ez zegoela inolako arazorik egoitzetan, baina hori ez da egia. Propaganda handia egon da beti, oso ondo dakite hori egiten».
Eskubide unibertsal eta subjektiboa
Lurralde bakoitzean informazioa eta neurriak ezberdinak dira, birusaren hedapena ere bai. «Bizkaian gure grebak sufritu ditugu, orain Gipuzkoan zeuden grebekin, eta eten egin dituzte krisialdia etorri denean. Honek lurralde bakoitzeko errealitatea zein den ikusten lagundu digu –oso anitza da–, familien elkarteak ere batu gaitu eta kohesio bat sortu da gure artean. Informazioa partekatu dugu eta lagungarria izan da. Hortik ibilbide berri bat hasiko dugu, denok egiten dugun diagnostikoa oso antzekoa delako: gure nagusiek baliabide gehiago behar dituzte, eta krisi honetan are gehiago».
Xabier Monrealek agertu duenez, normalean senide batek etxekoren bat egoitzara eramatea erabakitzen du ezin duelako etxean eduki. Eta kalitatea bermatzen du sarri bisitatuz: «Koltxoia eta armairua nola dauden begiratuz, galderak eginez…». Baina bada zahar etxeetan familiarik ez duen jendea ere. «Nola bermatuko dugu pertsona horiek giza zerbitzu kalitatezko eta duina izateko duten eskubide unibertsal eta subjektiboa? Agintariek ziurtatu behar dute», azpimarratu du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario